Guardado en: 1
Arrasateko Udaleko zentsura mozioen inguruan beldurrez eta jarrera erosoena hartuta jokatzen ari dela leporatzen ari zaizkio batzuk Aralarri. Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak akusazio horiei erantzun die, gaur goizean Herri Irratian egindako elkarrizketan. “EAE-ANVko alkatearen kontrako zentsura mozioa babestea izango litzateke erosoena. Guk giza-eskubide guztiak defenditzeko eskatzen diogu ETAri eta Espainiako Estatuari. Gu ETAri aurre egiten ari gara, eta esaten ari gatzaizkio armak utz ditzala. Era berean, Batasunari eta ANVri eskatzen ari gatzaizkio pausoa eman dezatela, eta ETAri eska diezaiotela armak uzteko. Hori beraiei dagokie, batez ere beraiei. Gatazkaren konponbidea bide horretatik etorriko da. Guk, gure zinegotziek eta Aralarreko oinarrizko militanteek ez dugu beldurrik”.
Abrilek azpimarratu duenez, Arrasateko alkatearen kontrako zentsura mozioaren inguruan Aralar izaten ari den jarrera koherentea da hasiera-hasieratik. “Giza-eskubide guztien urraketa salatzen duen edozein ekimen babestuko genuela esan genuen hasieratik, eta Arrasateren kasuan, Isaias Carrascoren heriotza izan da urraketarik larriena”. Aralarrek biharko zentsura mozioen bozketan hartuko duen jarrera berretsi du Abrilek. Aurreratu duenez, lehen puntuaren alde azalduko da Aralar, “edozein eratako indarkeria eta giza-eskubideen urraketa salatzen duelako. Bigarren puntuan badaude gauza azpimarragarriak. Bere literaltasunean onar dezakegu, baina motz geratzen zaigu; gatazkaz hitz egiten duenean, alde bakarraz bakarrik ari da. Intentsitate ezberdinean bada ere, giza-eskubideen urraketa bi aldeetatik ematen da, eta hori jasoa egon beharko litzateke. Hirugarren puntua ez da onargarria guretzat”.
ANVren aurkako zentsura mozioen inguruan PSE-EE izaten ari den jarrera kritikatu ditu Abrilek —eta EAJrena, “sozialisten jokoan erori delako”—. “Ardura karguen dimisioaz hitz egiten ari dira orain, baina egun daukagun egoeraren erantzuleak dira Espainiako Estatua, eta, batez ere Espainiako Gobernua, beraiek erabaki zutelako ANV udalerri batzuetan aurkez zitekeela eta beste batzuetan ez; eta Arrasateren kasuan, PSE-EEk ez zuen nahi izan edo ezin izan zuen alkatetza alternatiborik osatu. Su-etena amaitu eta gero ere, ez zuen horren larria ematen ANVk alkatetzak izatea, baina orain badirudi hori ez dela zuzena. Martxoaren 9tik PSOEk daukan estrategia PSOEren onurarako da bakarrik”.
Bestalde, Ibarretxek iragarritako kontsultaren inguruan jardun du Aralarreko koordinatzaileordeak. Arlo horretan ETAk daukan jarrera salatu du, bere ekintzekin kontsulta egitea oztopatzen duelako. “ETAk arreta desbideratzen du, kontsultaren inguruko eztabaida egoteko interesik ez duelako. Loiolako negoziazioetan oso argi utzi zuen hiritarrek bere kabuz hitz egiteko interesik ez daukala, batez ere bere parametroen eta bere exijentzien pean ez bada egiten. ETAk ikusten du kontsulta eginez gero ezin izango duela eragin galderan ez kontsulta egiteko eran”.
EHAK-k Ibarretxeren proposamenari ustez kontrako botoa emango dionaren inguruan, Abrilek erantzukizun handiagoarekin jokatzeko eskatu dio. “EHAK-k sinesten badu euskal gizarteak galdetua izateko eskubidea daukala, erantzukizun handiagoarekin jokatu behar du. Zentzu horretan, guztiok ahalegin handiagoa egin behar dugu, gauzak aurrera ateratzea nahi badugu. Kasurik txarrenean urriaren 25ean blokeo egoeratik ateratzeko kontsulta egiten bada, Madrildik etorriko zaigun erasoaldia oso handia izango da. Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea daukala defenditzen badugu, guztiok batera erantzun beharko dugu”.
No hay comentarios hasta ahora
Deje un comentario
Deje un comentario
Línea y párrafo se rompe automáticamente, direcciones email nunca se muestran, permitido:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>
